berria.info

 

Ostirala, 2014ko azaroak 28a.

 

Felix Izeta. Xake jokalaria.

 

«Estatu independente bat bagina, dena askoz errazagoa litzateke».

 

Orain 30 urte Azkoitian Euskal selekzioak Italiaren aurka jokatu zuen norgehiagoka horretan aritu zen Felix Izeta. Aspaldi hartu zuen erretiroa, baina prest azaldu da berriro taularen aurrean jartzeko.

 

 

Josu Tornay.

 

Euskal xakean garrantzi handiko izena da Felix Izetarena (Zestoa, Gipuzkoa, 1961). 23 urterekin Nazioarteko Maisu titulua eskuratu zuen, eta hamar urte eskas geroago Maisu Handikoa. Horrez gain, hiru aldiz izan zen Euskal Herriko txapeldun, azkena 2002an. Hain zuzen, txapel hori irabazita hartu zuen erretiroa. Berriz ere itzuli da lehiara, baina hor jarraitzeko, argi du euskal selekzioarekin izan behar duela eta berak ere bere mailari eusten badio.

Zein izan da zure lana selekzioan?

30 urte hauetan euskal selekzioak ez du ibilbide handirik egin. Lagunarteko partida batzuk jokatu ditu, besterik ez. Noski, ez da horrela izan gogo faltagatik. Herri okupatua garenez, estatu gabekoa, ez dugu txapelketa garrantzitsuenetan parte hartzeko aukerarik. Nik jokalari moduan egin izan dudana batez ere jokatzea izan da. Jokatzekotan, Euskal Herria edo Nabarra izenarekin jokatzea eskatu izan dut.

Segur aski, gogoan dauzkazu euskal selekzioarekin ezagutu izan dituzun momentu berezi batzuk. Adibidez?

Momentu zehatzei buruz hitz egin beharrean, nik esango nuke hasieran selekzioa aldarrikatzeak bazuela emozio pixka bat, batez ere egoera politiko orokorra ere nahiko bero zegoelako.

Urteak dira xakea utzita daukazula. Larunbatean jokatzeko erabakia hartu izanak esan nahi du euskal selekzioa sarriago nazioartean arituz gero agian zuk ere gehiago jokatuko zenukeela?

Sarriago ez da nahikoa. Txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera egongo balitz, orduan bai jokatuko nuke sarriago. Gaur egun, txapelketa arruntak jokatzeko astirik eta motibaziorik ez dut, baina euskal selekzioak munduko edo Europako txapelketak jokatzeko aukera izango balu, nahiko nuke bertan egon. Ez dakit ordurako nire maila horrenbesterako emango duen ala ez, baina tira, asmoa badaukat, bai.

Eskoziaren aurka jokatuko duzue. Zein maila du Eskoziako selekzioak?

Errespetu guztiarekin esanda, ez du oso maila handia. Zenbakien arabera, sailkapenak kontuan hartuta, gu baino zertxobait ahulagoak direla esan daiteke. Noski, horrek ez du esan nahi norgehiagoka erraza izango denik, inolaz ere.

Eta euskal selekzioak, zer maila du? Zein postutan sailkatuko litzateke Xakeko Olinpiar Jokoetan?

Zaila da asmatzea, baina esango nuke erditik gora geratzeko taldea izango genukeela behintzat, eta lanak dezente eginez gero, lehen 40en artean sar gintezke ere. Erreferentzia bat emateko, azken olinpiar jokoetan 150 taldek hartu zuten parte, eta Eskozia 83. postuan sailkatu zen.

Zenbat eta nolakoak izan dira lehia ofizialetan aritzeko ahaleginak? Zergatik ez da lortu?

Nik dakidanez, orain arte egin den ahalegin serio bakarra kasualitatez nik neuk egin nuen, 2008an, Dresdengo Xakeko Olinpiar Jokoetan, Alemanian. Aprobetxatuz FIDEn (Nazioarteko Xake Federazioa) agintean nire lagun batzuk zeudela, eta daudela, ahalegin serio bat egin nuen FIDErekin zuzenean, baina ez zen gauzatu. Noski, beste era askotan eta hobeto egin daitezke ahaleginak, baina egungo Euskal Xake Federazioko agintariak ondo ezagutzen ditut, eta jakin badakit bere kabuz ez dutela sekula santan ezer egingo. Gauza bera esan daiteke erkidegoan eta Navarra-n agintean dauzkagun politikariei buruz. Sekula santan ez.

Posible da lehia ofizialetan parte hartzea egungo egoera politikoan? Edo estatu propio barik ezin da halakorik egin?

Posible da, noski. Makina bat herrialdek hartzen dute parte estatu izan gabe. Eskoziak berak. Baina dena askoz errazagoa litzateke, konparaziorik gabe, ez bakarrik xakean eta kirolean baizik eta beste edozein arlotan ere, estatu independente bat izango bagina. Eta hori gure esku dago.

 

“Hasieran aldarriak bazuen emozio pixka bat, batez ere egoera politiko orokorra ere nahiko bero zegoelako”.

 

“Lanak dezente eginez gero, lehen 40 selekzioen artean ginateke Xakeko Olinpiar Jokoetan”.

 

“Ondo ezagutzen ditut egungo Euskal Xake Federazioko agintariak, eta badakit ez dutela bere kabuz ezer egingo”.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1781/027/001/2014-11-28/estatu_independente_bat_bagina_dena_askoz_errazagoa_litzateke.htm